XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sei hilabeteko presondegi zigorra eskatu zuen fiskalak intsumitu batentzat Paben

Mark Armpach intsumituarentzat hiru eta sei hilabete arteko presondegi zigorra eskatu zuen atzo Pabeko auzitegiko fiskalak.

Epaitegiak urriaren 17an emango du erabakia.

Beste gazte batek zerbitzu zibila utzi eta desertore bilakatuko zela jakinarazi zuen atzoko auzian.

Militarismoaren Aurka Intsumisioaren Alde (MAIA) taldeak deiturik, 20 lagunek Pabeko bidea hartu zuten atzo goizean auzipetutako Mark Armpach intsumitua laguntzeko.

Baionar gazteak korteari frantsesez adierazi zion zergatik utzi zuen, urte bateko zerbitzu zibila egin ondoren, objektoreen postua.

Hautu antimilitarista egin nuen objetoreen estatutua eskatuz eta ene engaiamenduarekin logikoa izan naiz nere postua utziz urte baten buruan, adierazi zuen.

Zerbitzu zibilaren luzetasuna kritikatu zuen gazteak; izan ere, objektoreek bi urteko zerbitzua bete behar dute soldadutza urte batekoa den arren.

Objektoreak gaztigatuak dira luzetasun horrekin, azpimarratu zuen Armspachek.

Legea ezin onartuzkoa dela gehitu zuen, bereziki ikusita Armadak ez dakiela zer egin soldadutzara joan behar duten 30.000 edo 40.000 gazteekin, zioen intsumitu gazteak.

Hiru eta sei hilabete arteko zigorra emateko eskatu zion korteari fiskalak, Hirigoienen aurka egin den bezala, eta oroitarazi zuen duela bi hilabete kasu berean zen euskaldun intsumituari sei hilabeteko zigorra eman ziotela.

Jean François Blanco Armspachen abokatuaren ustez, aldiz, legea ez da denentzat manera berdinaz aplikatua.

Beste antzeko kasu batean, 1993ko azaroaren 13an korteak objektorea zuritu zuela azpimarratu zuen abokatuak.

Bestalde, errekurtsoa egin zuela Hirigoienen kasuan eta arazoa Europako korteraino pausatuko duela jakinarazi zuen.

Mark Armspachi sostengua ekarri zion Fred Cometek, objektore gazteak.

Elkartasuna adierazteko irailaren 15etik objektore postutik desertatu duela deklaratu zion Cometek korteari, hamar hilabeteko zerbitzu zibila egin ondoren.

Objekzioaren luzetasuna kritikatu ondoren, intsumituek daramaten borroka aipatu zuen eta azpimarratu beste intsumitu bat agertzea aurreko intsumituek bildu duten kondenari emandako erantzuna dela.

MAIAk sostengu osoa adierazi zion berehala intsumitu berriari, antimilitarista eta euskalduna, argi eta garbi agertzen baita Frantziako Armadaren aurka.